- Kulturaz kooperatibak Norberak eraikitzea, lana eta jolasa izeneko ezohiko serigrafia tailerra antolatu du datorren hilabeterako Gasteizko Artium museoarekin elkarlanean.

Izan ere, Antonio Ballester Moreno artista madrildarra izango da maiatzaren 4tik 8ra Dinamoa sormen gunean egingo den tailerraren gidaria eta bertan parte hartzera animatzen direnek (zortzi lagunentzako tokia izango da bakarrik) "Ballesterrek lana nola egiten duen ikusteko zein haren obraren ekoizpenean parte hartzeko aukera izango dute".

Serigrafia tailerraren saioak 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara egingo dira (egunero) eta parte hartzeko interesa dutenek apirilaren 30era arte eman dezakete izena (eskainitako plazak lehenago agortzen ez badira) dinamoa.eus web gunearen bitartez. Matrikularen prezioa 60 eurokoa da (30 euro ikasle, langabetu eta bestelako soldatagabeentzat).