- Azpeitiko Udalak aste honetan bertan ireki du datorren udazkenean herrian ospatuko diren Euskal Antzerki Topaketetarako antzezlan edo proiektuak aurkezteko epea. Hori dela eta, Azpeitian obraren bat taularatzeko interesa duten talde eta konpainiek apirilaren 23ra arte aurkez ditzakete beren proposamenak. Hauek modu elektronikoan aurkeztu behar dira Udalaren web gunearen bitartez baina zalantzaren bat duenak 943 157 068 telefono zenbakira dei dezake.

Udaletik jakinarazi dutenez, proiektuek bi baldintza bete behar dituzte: "Euskal Herriko taldea izatea eta antzezlana euskaraz izatea". Era berean, proposamena egiterakoan eragileek ondorengo materiala aurkeztu behar dute: obraren aurkezpena; sinopsia (laburpena), fitxa tekniko eta artistikoa eta material grafikoa.

Aukeratzen diren antzezlanak 2021eko azaroan zehar Euskal Antzerki Topaketen barnean taularatuko dira.