- Musika eta dantza Azkoitiko auzo desberdinetara eramateko helburuarekin, Herritik Auzoetara egitasmo berria prestatu dute Bizkargi musika eta dantza eskola.

Ekimen berri horren aurreneko emanaldiak datorren ostiralean, San Jose egunean, egingo dira; Urrategi eta Martirieta auzoetan eta 10.00etan hasita, hain zuzen ere. Urrategin, musika eta dantza eskolako bederatzi eta hamaika urte bitarteko ikasleak bilduko dira dantza eta musika saioa eskaintzeko eta Martirieta auzoan, berriz, hamabi eta hamalau urte bitarteko ikasle gazteak.

Bizkargi dantza eta musika eskolatik gogorarazi dutenez, garai batean dantzen "indarguneak" herriko auzoak ziren. Izan ere, leku ezberdinetako herritarrak nekazal eremuko auzoetan egiten ziren erromerietan biltzen ziren, jendea ezagutu eta aisialdiaz lagun arteko giroan disfrutatzeko. "Hori kontuan hartuta", Azkoitiko musika eta dantza eskolako arduradunek herrigunetik auzoetara musika eta dantza eramatea erabaki dute.

Musika eskolak jakinarazi du bideoz grabatuko dituztela Herritik Auzoetara egitasmo berriaren barruan eskainiko diren aurreneko bi saioak; ondoren ikus-entzunezkoak "bide ezberdinetatik zabaltzeko" asmoarekin.