Azkoitia - Emakumeei “denboraldi berriaren atarian duatloira eta triatloira gerturatzeko” asmoz, Azkoitri triatloi klubak deialdi berezia atera du azken hamar urteetan taldeak hiru emakume bakarrik izan dituela ikusita. Taldeko lagunek sare sozialetik azaldu dutenez, “2011az geroztik, hiru emakume izan ditugu bakarrik taldean eta denboraldi batzuetan bakar bat ere ez”. Egun emakume taldekide bakarra dute klubean, “joan den urtean batu zitzaigun Vanessa Cerrajero azpeitiarra”, hain zuzen ere.

Hala, Azkoitri triatloi klubak kirola egiten disfrutatzen duten eskualdeko neskak animatu nahi ditu duatloia edota triatloia ezagutzera. Taldeak ateak guztiz irekita ditu eta interesatuek sare sozialen bitartez jar daitezke harremanetan klubarekin.

Bestalde, talde azkoitiarrak gogorarazi du Euskadiko Triatloi Federazioan 2021. denboraldirako lizentziak tramitatzeko epea irekita dagoela: “duatloien eta triatloien egutegia ere osatuta dago jada, urteroko duatloi eta triatloi kopuru berdinarekin”, azaldu dute.

Azkenik, klubak “esker bereziak” eman nahi izan dizkie Domusa, Biele, KIA Ibargoi, Txintxu gozotegia, Errotaundi okindegia, Sidenor eta Larramendi Tien21 enpresei “urte honetan ere Azkoitri babesten jarraituko dutelako”.