- Edozein eratako irudiei buruz hitz egitea eta hausnartzea. Hori izango da Azpeitian eratu berri duten Ikusle Taldearen helburua. Hau hilean behin bilduko da (hileko azken asteartean) Soreasun kokatuta dagoen Dinamoa sormen gunean eta bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Hori bai, ekimenaren sustatzaileek dinamoa.eus webgunearen bitartez jakinarazi dutenez, saioetara gerturatzen direnek "dena eman beharko dute".

Edonola ere, Ikusle Taldearen ibilbideari hasiera emateko antolatutako aurreneko saioa hilaren 29an egingo dute (19.00etan) eta bertara-tzen diren herritarrek Raymond Pettibon artistaren marrazki bat izango dute "hizketarako abiapuntu, akuilu eta aitzakia".

Ekimenaren bultzatzaileek azaldutakoari eutsiz, "badira irakurle taldeak ugari, baina guk dakigula ikusle talderik ez, irudiari buruz hitz egiteko biltzen den talderik ez, eta guk proba egin nahi dugu". Taldearen ateak "irudien gainean hitz egiteko interesa duen edonori" irekita daude.

Dinamoa sormen guneak hainbat eremu ditu, eta horietako bat da irudiarena. Bertan, irudiaren gaitasunaz eta garrantziaz hausnartzeko nahiz irudiak sortzeko aukera eskaintzen da.

Sormen guneko kideek azpimarratzen dutenez, "irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor, nola ikusten gaitu irudiak€ Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, nola eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean€".

Ikusle Taldean argi dute begiratzea eta ikustea bi gauza ezberdin direla: batzuetan ez diegu begiratu ere egiten irudiei, besteetan begiratu gabe ere ikusten ditugu. Eta mutur batetik besterako tarte hori da guk lana egiteko lekua. Eta irudiek ze funtzio betetzen duten pentsatzekoa".