- Joan den asteazkenean ospatu zen uztaileko Osoko Bilkuran, Azpeitiko Udalak 2020. urteko egutegi fiskala berriro egokitzea erabaki zuen, aho batez. Horretaz gain, alarma egoera dela eta merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduen itxieraren ondorioz, beste hainbat tasaren parte proportzionala soilik kobratuko dela ere jakinarazi zuen Nagore Alkorta alkateak.

Egutegi fiskalari dagokionez, Udalak gogorarazi du martxoaren 20an eginiko ez-ohiko plenoan trakzio mekanikodun zergaren ordainketa irailera atzeratzea erabaki zela, baina "Gipuzkoako Foru Aldundiak IBIaren kobraketa irailera atzeratzea erabaki du, eta biak epealdi berera atzeratu direnez, Udalak trakzio mekanikodun ibilgailuen zerga urrira arte luzatzea adostu du asteazkeneko plenoan".

Hainbat tasa aplikatzeko xehetasunak ere eman zituen alkateak. Hala, jabari publikoaren aprobetxamenduaren inguruko hianbat tasa proportzionalki aplikatuko direla jakinarazi zuen: "kale salmentako postuei (asteartetako plazako postuei), alarma egoeraren ondorioz azokarik egin ez den asteen zati proportzionala ez zaie kobratuko". Baserritarren postuei, aldiz, "mantendu egingo zaie urteko kuota, 9,51 euro mahaiko".

Tabernen terrazetako tasa ere proportzionalki kobratuko da: "martxoaren 14tik terrazak jartzeko aukera izan zen arteko epealdia ez dute ordaindu beharko". Merkatari eta ostalariei beste tasa bat ere egokituko zaie. Hala, "zabor tasa establezimenduak itxita egon diren epealdian lokal guztiei kobratu ohi zaien guxtieneko tasa kobratuko zaie".