- Azpeitiko merkataritza eta ostalaritza txikia sustatzeko eta herritarrei beren erosketak egiteko pizgarria emateko helburuekin, Udalak eta Bertan merkatari elkarteak 35 euroko kostea duten eta 50 euroko gastua egitea ahalbideratzen duten 1.500 erosketa-bono jarri zituzten salgai astelehenean.

Azpeitia zaindu lelopean antolatutako ekimen horrek arrakasta handia izan zuen eta goiza amaitu baino lehen salgai jarritako bono guztiak agortuta zeuden: "Internet bidez eskainitako 750 bonoak hamahiru minututan agortu ziren eta Bertan elkartearen bulegoan salgai jarri ziren beste 750 bonoak ere goizean zehar agortu ziren".

Hori ikusita, Udalak eta Bertanek "ahalik eta lasterren" beste 1.500 erosketa-bonu kaleratzea erabaki dute. Oraindik ez da zehaztu noiz eta nola eskuratu ahal izango diren bono horiek baina merkatarien elkarteak "datorren astelehena baino lehen" jarri nahi ditu herritarren eskura. Hala ere, "hurrengo egunetan zehaztu eta jakinaraziko da noiz eta nola erosi ahalko dira".

Hori bai, pasa den astelehenean zehar bonoa erosteko interesa agertu eta erosketa burutu ezin izan zutenen zerrenda bat osatu da eta bono berriak jaulkitzen direnean, "lehentasuna izango dute pertsona horiek".