- Koronabirusarekin luzaroan bizi beharko dugula ikusita, Zestoako Udalak maskara berrerabilgarriak egiteko boluntario sarea osatzeko prozesua abiatu du. Helburua 4.000 maskara egitea da, herritar guztien artean banatzeko.

Udalak bere web gunearen bitartez azaldu duenez, "Munduko Osasun Erakundeak esan du gomendagarria dela maskaren erabilera eta garraio publikoan sartzeko derrigorrezkoa da dagoeneko". Hori dela eta, "4.000 maskara berrerabilgarri egingo ditu herritarrez osaturiko boluntario talde batek".

Maskarak egiteko oihal homologatua eta beharrezko materiala Udalak eskuratu eta jostunen artean banatuko du: "tela berezia da, ez du filtrorik behar eta 300 aldiz garbitu daiteke, eraginkortasuna mantenduz", aurreratu dute.

Dagoeneko hogei pertsona daude jostunen sarean, materiala iritsi bezain pronto lanean hasteko prest, baina egin beharreko kopurua kontuan izanda, Udalak deialdia zabaldu nahi izan du, "herritar gehiago anima daitezen". Maskarak egiten laguntzeko prest dagoenak 615 768 980 telefonora dei dezake, boluntario sarean izena emateko.