zpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak #NireGailurrak argazki lehiaketa abiatu zuen hilaren 10ean, "alarma egoeraren ondorioz ezarritako konfinamendua pixkat arintzeko". Lanak aurkezteko epea igandean amaitu zen eta mendizaleen elkarteak 121 irudi jaso ditu. Hori dela eta, argazki irabazlea aukeratzeko unea heldu da; baina erabaki hori herritarren esku laga dute antolatzaileek.

Hala, nahi duten guztiek sariketara aurkeztutako irudiak ikus ditzakete jada (lagunonakmb.org web gunean eta mendizaleen sare sozialetan) eta gustukoena bozkatu.

Botoa emateko epea gaurtik maia-tzaren 10era bitartean egongo da irekita eta tarte honetan bozka gehien lortzen dituen irudiaren egileak lehiaketaren saria eskuratuko du: 60 euro eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo Xoxoteko aterpetxean bi lagunentzako afaria.

Era berean, ekimenaren antola-tzaileek beste bi lagunentzako afari bat zozkatuko dute bozketan parte hartzera animatzen diren herritar guztien artean.

Mendizaleen elkarteko kideak pozik agertu dira #NireGailurrak argazki lehiaketak izan duen arrakastarekin: "Munduko txoko guztietako irudiak jaso ditugu eta argazkilari gehienak azpeitiarrak dira, baina badira inguruko herrietakoak ere", jakinarazi dute.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren lagunek onartzen dute partaidetzak "gure aurreikuspen denak gainditu" dituela. Izan ere, egitasmoa "nahiko modu inprobisatuan" jarri zuten martxan, "bizi dugun ezohizko egoera honetan animazio pixka bat jar-tzeko helburuarekin".

Izandako parte hartze handiaren ondorioz, "uste baino lan gehiago" eman die lehiaketak "baina pozik gaude, eta egiten dugun balorazioa oso positiboa da". Honenbestez, eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzera animatu diren guztiei.

Lagun Onak Mendi Bazkunak bere sorreraren 75. urteurrena ospatuko du datorren urtean. Hori dela eta, urtemuga horren irudia izango den logotipoa aukeratzeko lehiaketa abiatu du.

Lanak ekainak 30a baino lehen aurkeztu behar dira mendizaleen tabernan (egileak mezua bidali behar du lagunonakmb@hotmail.com helbidera, kartazala utzi duela adieraziz) eta irabazleak "urtemuga ospatzeko aterako den arropa sorta bat eta 300 euro" eskuratuko ditu.

Edonola ere, Lagun Onak Mendi Bazkunak era ezberdineko ekitaldiz betetako egitarau batekin ospatu nahi du bere 75. urteurrena 2021ean. Printzipioz, "mendi irteera bereziak, ibilaldi luzeak, lehiaketak edota ikus-entzunezkoak" izango dira.

Hala ere, mendizaleek ospakizun programa "guztion artean" osatu nahi dute. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi dituzte beren ideiak eta proposamenak lagunonakmb@hotmail.com helbidera bidlatzeko: "Ziurrenik asko oso aspertuta daude etxean sartuta eta ariketa sinple hau entretenigarria izan daiteke", azaldu dute.