- Udal Gobernuak (EH Bildu) "ezohiko egoera honetan zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrak babesteko" eta "COVID-19 gaixotasunaren harira sortu diren egoerei eraginkortasunez erantzuteko egokitu" den dirulaguntza deialdiaren berri eman zuen joan den ostiralean.

Hori ikusita, EAJko Udal taldeak hainbat azalpen eman ditu, 362.000 euroko partida duen eta herritarren oinarrizko beharrak betetetzeko bideratuko den dirulaguntza horren inguruan. Jeltzaleen esanetan "nahiz eta aurtengo oinarrietan pandemia honek sortzen dituen egoera batzuk ere bere gain hartzen dituen" dirulaguntzak "ez du zuzenean COVID-19ak sortutako egoerarekin zerikusirik".

Izan ere, dirulaguntza horiek "urtero kudeatzen dira Gizarte Zerbitzuetatik", eta ondorioz, "Udal Gobernuak ez du dirulaguntza lerro berri bat atera". Hori dela eta EAJko zinegotziek ez dute ulertzen "Gobernuak albistea publiko egiteko izan duen presa, gure ekarpenak aintzat hartu diren edo ez baieztatzeko tarterik izan aurretik, boletinean azaldu aurretik eta gure azken onarpena eman aurretik".

Jeltzaleak ostiralean bertan bildu ziren alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako buruarekin, eta larunbatean izan zuten egindako ekarpenen inguruko zirriborroa. Baina, "bitartean, ostiralean bertan, hedabidetan behin betiko onarpena bezala zabaldu da albistea", salatu dute. EAJren esanetan, "presa biziz iritsi zitzaigun oinarri arautzaileak onartzeko testua azter-tzeko deia, gure desadostasunak edo ekarpenak egiteko ia denborarik gabe. Eta, era berean, presa biziz, behin betiko bezala zabaldu dute albistea".