- Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, koronabirusak eragindako alarma egoerak behar berriak sortu ditu. Hori dela eta, Azpeitiko Udalak neurri berriak hartzen ari da eta horietako bat 362.000 euroko dirulaguntza da, beti ere, "garai honetan zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrak babesteko".

Ekonomikoki egoera zailenetan dauden azpeitiarren oinarrizko beharrei erantzuteko udal dirulaguntza hau "alokairua ordaintzeko, elikagaiak erosteko, osasun eta farmazia produktuak eskuratzeko edota ura, gasa, argindarra eta halako hornikuntzak finantziatzeko" bideratuko da.

Udaletik jakinarazi dutenez dirulaguntzaren onuradun izateko, nahikoa izango da alarma egoerak irauten duen bitartean baldintza batzuk bete-tzea. Horietako bat diru-sarrerena da: "Pertsona baten kasuan eta hilabeteko, ezingo du 1.040,59 euro baino gehiagokoa izan; bi pertsonen kasuan, 1.335,40 euro baino gehiagokoa; eta hiru pertsonen edo gehiagoren kasuan, 1.478,11 euro baino gehiagokoa". Hala ere, "jasotzen diren eskaerak banan-banan aztertuko dira".

Lerro horren bitartez, pentsio baxua duten adinekoei ematen zaien 1.080 euro arteko laguntza osagarria ere bideratuko da, baita adin txikikoen eskolaz kanpoko jardueretarako beka ere. Horrekin batera, gizarte larrialdietarako dirulaguntzen urteko lehen ordainketak aurreratu ditu Udalak.

Edonola ere, oinarrizko beharrei erantzuteko dirulaguntza berria jasotzeko eskaerak "datorren astetik aurrera" egin ahalko dira "Udalaren webgunetik modu telematikoan edo zuzeneko arreta bitartez". Hori bai, azken aukera horretarako "aurrez hitzordua hartu beharko da, 943 157 192 edo 943 547 983 telefonoetara deituz".

Nagore Alkorta alkateak esandakoari eutsiz, "inork aurreikusten ez zuen eta egunez egun aldatzen ari den egoera baten aurrean gaude eta une bakoitzari ditugun baliabideekin ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzuten saiatzen ari gara".

Bestalde, Leire Goenaga, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, jakinarazi du Udalak detektau dituela "zaurgarritasun" egoeran bizi diren eta egoera ekononomiko "larria" bizi duten hainbat herritar, eta horiekin zuzenean harremanetan jarriko direla laguntza eskaintzeko. Bestetik, dei egin die zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei laguntza eskatzeko.