Azpeitia - Aurrez Euskal Herria auzoko eraikinean egin zuen bezala, Azpeitiko Udalak Karmelo Etxegarai Ikastolako Perdilegiko eraikineko leihoak aldatu ditu, beti ere, eraikinak zituen isolamendu arazoak konpondu eta energia kontsumoa murrizteko.

Leihaketa publikoa irabazi ostean, Aluminios Azpeitiak egin du 165.580 euroko aurrekontua izan duen Perdilegiko eraikineko obra. Hori finantzatzeko, Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren dirulaguntza jaso du.

Leire Goenaga, Hezkuntza zinegotziak, azaldu duenez, azken urteotan Udala hainbat konponketa eta berrikuntza egiten ari da Karmelo Etxegaraiko eraikinetan: "Leihoen eskaera jaso genuenean ikastetxerako eta bertako haurrentzako ezinbestean egin beharrekoa zela iruditu zitzaigun, eta bi fasetan bi eraikinetako leihoak aldatu ditugu, ikastetxearen eguneroko jarduna kontutan hartuta", esan du.

Leihoak aldatzeaz gain, Perdilegiko eraikineko hainbat gela eta espazio ireki ere margotu dira.

Elkarlanerako bidea irekita, Udalak eta Ikastolak "beste hainbat hobekuntza egiteko lanketa" ere hasi dutela azaldu dute. - J.L.