Azkoitia - Azkoitia eta inguruko herrietako mendizaleek ezinbesteko hitzordua dute hurrengo egunotan Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Astearen edizio berriarekin.

Aurtengoa hilaren 4tik 6ra bitartean egingo da eta horren barruan eskaladari eta mendi lasterketei buruzko hiru saio eskainiko dira. Denak Floreaga ikastetxean egingo dira, 19.30ean hasita.

2020ko Mendi Astearen okasioz prestatutako programa abiatzeko Jon Segurolaren Eskalada munduan zehar hitzaldia egongo da datorren asteartean salestarren ikastetxean. Segurolaren azalpenekin batera, zenbait irudi ere proiektatuko dituzte emanaldi horretan.

Egitarauak hurrengo egunean (asteazkenean) izango du jarraipena, mendiko eski lasterketen inguruko hitzaldi berri batekin, hain zuzen ere. Egun horretan Arkaitz Irureta, Javi Dominguez, Izaskun Zubizarreta eta Fermin Ilarregi arituko dira hizlari lanetan.

Eta Anaitasuna Mendi bazkunak antolatutako Mendi Astea borobiltzeko Tor pelikula ikusteko aukera egongo da datorren ostegunean Floreaga ikastetxean. Emanaldi horretan Iñaki Urresti filmaren zuzendaria eta Silvia Trigeros korrikalaria izango dira, zaletuen gozamenerako.

Izan ere, Tor pelikulan Silvia Triguerosek Tor de Geants izeneko 330 kilometroko lasterketan egindako proba jasotzen da eta emanaldiaren ondoren filmeko protagonistak eta zuzendariak solasaldia eskainiko dute. - J.L.