Azpeitia - Adin guztietako azpeitiarrek Udalak eta Ekoetxeak herriko ikastetxeen partaidetzarekin urtero antolatzen duten Zuhaitz Egunaren edizio berri batean parte hartzeko aukera izango dute datorren igandean.

Aurtengoan bost espezietako 60 zuhaitz landatuko dituzte Goenako zelaietan (15 Indi Gaztain, 15 Lizar, 10 Urki, 10 Pago eta 10 artea) eta ekimenean parte hartu nahi dutenek 10.30ean dute hitzordua bertan (ez dago izena aurrez eman beharrik). Landaketa lanak burutu ondoren partehartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da Goenan egokituko den karpan.

Aitor Bereziartua, Udaleko Ingurumen zinegotziak, herritarrak Zuhaitz Eguneko landaketetan parte hartzera animatu zituen udaletxean egindako aurkezpenean.

Bere hitzetan, "azken urteotan Goena eraldatzeko asmoekin lanean ari gara. Iaz ere hemen egin genuen Zuhaitz Eguna eta aurten ere gune hau aukeratu dugu. Urte honetan Goenari beste itxura bat ematea nahi dugu".

Ekimenak bi ordu inguruko iraupena izango du eta amaitzerakoan hamaiketakoa egongo da. - J.L.