Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartzen duten Floreaga, Azkoitia BHI eta Izarraitz Lanbide Heziketa ikastetxeetako ikasleek kale garbiketaren inguruko lanketa burutzeko proposamena luzatu zioten Udalari; erakundeak begi onez ikusi zuen eskaera eta herriko hainbat eragileren atxikimendua lortu ondoren gaur abiatuko den kanpaina antolatu dute elkarlanean.

Eskolako Agenda 21eko partaideez gain, Xabier Munibe ikastolak, Bizilore eskola aktiboak, Herrixen merkatari elkarteak, Azkoittiko Tabernaixek eta herriko ostalaritzak, Kizar eta Ñam-Ñam gozo-dendek, Parrokiko taldeak, Eguzki eta Zuhaitzak Bizirik elkarteek eta Gazteria zerbitzuak bat egin dute Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe leloa izango duen kanpainarekin.

Helburua "oraindik adin guztietako herritarren artean arruntegiak diren hainbat jokabide desegokiei aurre egitea" da. Horien artean, herriko kaleetan botata sarritan ikusten diren "zigarro-puntak, plastikozkoak, papertxoak edota pipa-azalak" nabarmentzen dituzte; "jaso gabe utzitako txakur-kakak eta taberna inguruetan pilatzen diren hondakinak ahaztu gabe".

ekintzak Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe kanpainari hasiera emateko Kale garbiak izeneko ikuskizuna izango da gaur (18.30etik 20.00etara bitartean) herriguneko kaleetan zehar.

Era berean, kartelak zabalduko dira herriko denda, ikastetxe eta eraikin publikoetan; pipa-azalak jasotzeko zorro konpostagarri bereziak banatuko dira goxoki dendetan, gazteen topalekuetan, ikastetxeetan, kirol edota kultur guneetan eta ostalaritza establezimenduetan mahai gainean jar-tzeko eranskailuak banatuko dira.

Bestalde, hilaren 27an eremu baten garbiketa herrikoia egingo da (11.00etatik 12.30era) ikastetxeetako taldeen laguntzarekin eta Iban Garciak "herriko errealitatera egokitutako ikus-entzunezkoak sortuko ditu", Instagram eta Facebooken publikatzeko.