Azpeitia - Azpeitiko Udalak aurtengo sansebastian festen balantzea aurkeztu zuen atzo. Udal agintariek jaietan izandako "partaidetza handia eta giro ona" nabarmendu nahi izan dituzte, eta ondorioz, "gustura" agertu dira jai handiaren aurtengo edizioak eman duenarekin. Era berean, agintariak "eskertuta" azaldu dira festak behar bezala ateratzeko lanean aritu diren guztiekin.

Mikel Odriozola, Udalaren Festa Batzordeburuaren hitzetan, "hotz izanagatik, bero izan dira kaleak. Festa giro ederra nagusitu da. Danborzaleek, elkarrekin festaren alde jarri dute beren aletxoa eta bidelagun ederra izan dute guzti honetan Udal Musika Banda".

Odriozolak inoizko parte-hartzerik handiena izan duen helduen danborrada ere goraipatu du: "hiru talde berri, 1.500 lagunetik gora? jendetza da eta 0.00etarako bandera igoeran danbor-jole guztiak plazan izateko garaiz ibili ginen. Benetan eskertzekoa da taldeek duten prestutasuna festak ongi irten dezan", gaineratu du Festa Batzordeburuak.

Nola ez, baloraketa egiterakoan umeen danborrada ezin da ahaztu. Horren bueltan, Udal ordezkariak bizi izandako "giro paregabea" azpimarratu nahi izan du: "haurrek bere duten ilusioarekin bete zituzten kaleak eta danborradak herrian etorkizuna duela argi utzi zuten". Era berean, Odriozolak Aitor Expositok eginiko karrozaren "maila altua" eta jaietako bestelako ekitaldietan izan zen "partaidetza handia eta giro ona" nabarmendu ditu. - J.L.