Azkoitia - Floreaga ikastetxeak azkoitiar guztien partaidetzari irekita dagoen ekitaldiz betetako egitaraua antolatu du datorren asterako, beti ere, San Joan Bosco 1888ko urtarilaren 31n hil zela gogoratzeko.

Aurtengo On Bosco jaiak abian jartzeko, Maialen Sudupe igerilariaren eta Joseba Díaz mendi lasterkariaren hitzaldia egongo da astelehenean (16.00etan) Floreagan. Hurrengo egunean, berriz, Alkoholiko Anonimoen hitzaldia izango da, ordu eta leku berean.

Asteazkenean, Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaran bertsolarien saioa egongo da (15.45etik 17.00etara) On Bosco aretoan eta ostegunean HH eta LHko neska-mutilei zuzendutako Eriz magoaren ikuskizuna (15.45ean Baztartxo antzokian).

Ostiralean elizkizunak, jolasak eta lehiaketak egongo dira salestarren ikastetxean (eta haurrentzako zine emanaldia Baztartxon) eta larunbatean Floreagako komunitatearen afaria Joseba jatetxean.

Azkenik, Ikasle Ohien Batasunaren festa egingo dute otsailaren 2an. Meza, taldeko argazkia eta bazkaria egongo dira egun horretan. - J.L.