AZPEITIA. San Sebastian egunari hasiera emateko txistularien eta Musika Eskolaren goiz-eresia egon zen (9.00etan) eta horren ondoren (9.30ean), Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egin zuten Udal Musika Bandaren eta Musika Eskolako txilibatuen laguntzarekin.

Azpeitian ohitura denez, musikarien kalejira amaitu bezain pronto Udal agintariak (ez denak) San Sebastian Eliza Nagusira joan ziren korporazioan, herritarrekin batera eguneko prozesioa ikusi eta Olazko Amari eskainitako Meza Nagusia entzutzera.

Azpeitiar (eta bisitari) askorentzat jaietako unerik hunkigarriena bizi izan zen, berriro ere, Parrokiko eta Julian Barrenetxea abesbatzen partaidetzarekin ospatu zen meza horretan. Magiaz betetako une hori, nola ez, Gure Ametsa eta Ardozaleak konpainietako lagunek Musika Bandaren aginduetara San Sebastian Martxa jo zutenean ailegatu zen.

Elizatik irtetzerakoan, herritarrek Plaza Nagusian izan zuten eguneko ezinbesteko beste hitzordu bat: sokamuturra. San Sebastian eguneko lehen sokamuturra hori ordu erdiz bakarrik luzatu bazen ere (12.00etatik 12.30era egin zen) adin guztietako pertsona ugari erakarri zituen Plaza Nagusira. Behin zezena amaituta, denak plazaren bueltan gelditu ziren, jarraian hasiko zen umeen danborrada koloretsua pasatzen ahalik eta leku onenean ikusteko.

Haurren desfilea bukatu zenean San Sebastian eguneko bazkari bereziarekin disfrutatzeko tartea izan zuten azpeitiarrek. Baina atzokoan ez zegoen siestarako denbora askorik. Izan ere, 16.30ean eguneko bigarren sokamuturra hasten zen eta ordurako askok erdiguneko kaleetan bueltan izan behar zuten.

Haurrek, berriz, Azoka Plazan birziklatutako materialak erabiliz egin ziren eskulan tailerrekin izan zuten hitzordua (17.00etatik 20.00etara).

Jardunaldia borobiltzeko bandera jaitsi arteko danborrada (23.15ean) eta bandera jaitsiera (00.00etan) izan ziren. Azken ekitaldi hori sei elkarteren partaidetzarekin egin zen (Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra eta Loiolabidezahar). Datorren urtera arte!