Azpeitia - Bertako bizilagunak denbora luzean itxaroten egon badira ere, Azpeitiko Udalak oso zaharkituta dagoen eta eraberritzeko behar handia duen Garate Anaia auzoa berritzeko lanak abiatu ditu.

Lehiaketa publiko bidez Art eraikuntza enpresari esleitutako lanek 394.139 euroko aurrekontua dute eta lau hilabetez luzatuko dira. Hori dela eta, aurrikuspenak betetzen badira Garate Anaia auzoko inguruneak eraberritutako aurpegia erakutsiko du datorren maiatzerako.

Udaleko Hiringintza batzordeburua den Aitor Bereziartuak azaldutakoari eutsiz, auzo honek "eraberritzeko beharra zuen eta bertako bizilagunekin adostu dugu bertan egin beharrekoa, Denon Artean prozesuaren baitan".

Behin egin beharreko lanak adostuta, Udalak proiektua esleitu eta lanak burutzeko prozesua jarri zuen martxan. Proiektuaren ezaugarriei dagokionez, Bereziartuak azpimarratu du abiatutako lanekin "urbanizazioa berritzeaz gain, zenbait azpiegitura (ura, gasa, telefonia...) indarrean dagoen legedira egokituko dira". - J.L.