Atzo, 22.00etan hasita giro bikaina sortu zen Azpeitiako helduen danborradan, ehunka herritarrek gelditu gabe astindu zituzten danborrak.

Danbor-joleek eskularruak eta kapelak erabilgarri izan zituzten, euria egin ez bazuen ere, hotza izan baitzen gaua. Baina hori ez zen oztopoa izan azpeitiarrentzat.

Arratsaldean jada jai usaina nabaria zen. Kaleak jendez betetzen joan ziren eta gaueko desfilean ateratzeko prestaketetan ere ibili ziren hainbat ileapaindegi.

Eguzkia sartu ahala, elkarteetan bildu, bapo afaldu eta animoak berotu zituzten guztiek, trajeak jantzi, danborrak hartu eta kalez kale festa iragartzera atera baino lehen.

Olazko Andre Mariaren plazan prest ziren guztiak 22.00etan puntuan, danborra joaz bi orduko ibilbidea egiteko. Inoiz baino beteago zen enparantza, historian lehen aldiz hiru talde berri urte berean estreinatu baitira. Hala, 30 talde izatera iritsi da aurtengo helduen danborrada.

Gauerdia heldu baino dezente lehenago iritsi ziren elkarte guztiak plaza Nagusira, gehiago zirela eta azkar egin baitzuten ibilbidea. Herri osoa bertan bildu zen eta orduan iritsi zen gaueko momenturik bereziena. Denek elkarrekin, ohiturari jarraiki, San Sebastian Martxa jo zuten. Hori bai: inoiz baino estuago egin zuten. Izan ere, talde berrietako kideak batuta, iaz baino 150 bat lagun gehiago izan zituen festetako lehen danborradak. Horregatik, azoka plazara arte luzatu behar izan zuten taldeentzako lekua. Beste aldaketatxo bat ere izan zen: lehen aldiz emakumezko batek igo zuen bandera, Nagore Alkorta alkateak, alegia.

Hamar bikote zortedunek, ordea, danborrada udaletxeko balkoietatik ikusteko aukera izan zuten, Udalak urtero zozkatzen baititu horretarako txartelak.

Danborradako pieza guztiak jo zituzten plazan eta, ondoren, 1.30ak aldera elkarteetara itzuli ziren soinean zituzten arropak aldatu eta festan jarraitzeko asmoz. Azpeitiarrek ez zuten etxera joateko intentziorik eta festa goizaldera arte luzatu zuten. Kaleak jendez gainezka izan ziren gau guztian.

GAUR Gaur, danborren bueltan gozatzen jarraituko dute azpeitiaGAUR Gaur, danborren bueltan gozatzen jarraituko dute azpeitiarrek. Oraingoan, ordea, haurren txanda izango da. 12.30etik aurrera herriko kaleak konkistatuko dituzte. Aitor Expositoren karrozarekin aterako dira umeak kaleak kolorez janztera. Aurtengo gaia, Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da. Sekretuan jardun du 25 urteko arkitekto azpeitiarrak honetarako lanean eta misterio guztiak ebatziko dira gaur bertan.

Atzo gauean ez zen omenaldirik izan danborradan, baina gaur izango da umeenean. Adinekoen aisialdia dinamizatzen lanean aritzen diren hainbat boluntario omenduko dituzte udaletxean eguerdian, haur guztiak plazara iristen diren unean.

Alabaina, hau guztiaren aurretik hainbat ekimen izango dira. Txistularien eta musika eskolakoen eskutik hasiko dute San Sebastian eguna. Ohiturei jarraituz, goiz-eresia (9.00etan) egingo dute kaleetan zehar. Kalejira ere izango da ondoren.

San Sebastian elizan egingo dute hurrengo ekimena. Bertara joango dira herriko agintariak (10.15ean) eta ondoren, azpeitiar askorentzat festa hauetako momenturik garrantzitsuena iritsiko da. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek San Sebastian Martxa joko dute elizan bertan

Sokamuturra ere ez da faltako jai hauetan. Lehenengo saioa 12.00etan izango da plazan bertan eta bigarrena, berriz, arratsaldean egingo dute herriko kaleetan zehar (16.30ean).

Hasitako jaia berdin amaituko dute azpeitiarrek: danbor hotsekin. Bandera jaitsi artean kalez kale ibiliko dira danbor-joleak. Oraingo honetan, 23.15ean abiatuko dira Bustinzuriko Errebalatik eta gauerdian agurtuko dituzte San Sebastian jaiak, datorren urtera arte.