Gaueko Azpeitiko helduen danborradan 30 konpainia aterako dira. Horien artean desfilean estreinatuko diren hiru talde izango dira (Izarraizpe, Inpernue eta Ilunpe) eta zuzendari berria izango duten beste bi, Ziripot eta Mendizaleak, hain zuzen ere.

Ziripoten Antonio Gallarin estreinatuko da aginte makilarekin eta mendizaleen konpainian Nora Alberdi 22 urteko gaztea.

Antoniok Ziripoten azken hamabi urteetan zuzendari lanetan aritu den Patxi Hidalgori emango dio erreleboa. Zuzendari berriak esandakoari eutsiz, "Patxik lagatzeko erabakia hartuta zuela esan zigun eta gure taldean agintean aritzeko ez zela inor animatzen ikusita, neri ez zitzaidala inporta esan nuen". Nora Alberdik, berriz, "urte honetarako bakarrik" hartu du "printzipioz" Mendizaleak taldearen zuzendari izateko ardura. Izan ere, "azken urteotan gure taldeko aginte makila eraman duen Mikel Agirrek arazoak ditu bizkarrarekin eta aurten danborradan ateratzeko aukerarik ez duenez nik beteko dut bere lana; bera ordezkatzeko beste inor ez zen animatzen eta". Hori bai, "datorren urterako Mikel ondo egotea espero" du Norak, "taldea zuzentzen jarraitzeko".

Edonola ere, bai Antoniok bai Norak ondo ezagutzen dute danborren festa. Lehena zazpi urtez atera da dagoeneko danborra jotzen "sei Ziripoten eta bat Harkaitzan" eta bigarrena "azken lauzpabost urteotan, mendizaleekin".

Eskarmentu hori dela eta, biek "lasai" egingo diote aurre gaueko debutari; "nahiz eta lehen entsegura joaterakoan nerbixuak agertu", aitortzen du gaurko desfilean alaba ondoan izango duen Antoniok. Musikari dagokionez, Antoniok eta Norak bat egiten dute. Piezarik zailenari buruz galdetzerakoan Diana Txikia Txokolo aipatzen dute biek eta gustokoena zein duten galdetzerakoan Goizeko Izarra jartzen dute beste guztien aurretik. Jabi Leon