AZPEITIA. Helduen zein haurren ordezkaritza inoiz baino zabalagoa izango da aurtengo sansebastianetan; asteazken iluntzean atera zuten aurkezpen argazkiak ere horixe erakutsi zuen.

Danbor hotsak protagonista nagusiak izango diren arren, bihar beroketa lanetan hasiko dira azpeitiarrak. Haur eta gaztetxoek jolasteko parkea izango dute 16.00etatik aurrera Izarraitz pilotalekuan. Helduago direnek ere izango dute hi-tzordua, Barakaldoko Distorsion eta Azpeitiko Baserriko Ollaskue Labien taldeen punk doinuek Sanagustin kulturgunea (16.30etik aurrera) dantzan jarriko baitute.

Hasiera besterik ez da izango hau. Izan ere, festak eztanda igandean egingo du. Prestaketen ondoren, 22.00etan hasiko da desfilea Olazko Andre Maria plazaren ingurutik, azken urteetan baino ordu laurden lehenago. Kaleetan zehar ibiliko dira bi orduz jarraian eta gauerdian plaza Nagusian elkartuko dira guztiak San Sebastian Martxa elkarrekin jotzeko. Ondoren, danbor-jole guztiak elkarteetara itzuliko dira eta nahi duenak, noski, goizaldera arte luzatuko du festa.

Hurrengo goizean etxeko txikienen txanda iritsiko da. Kaleak umez bete aurretik, ohiturei jarraituz, txistularien eta musika eskolakoen eskutik, goiz-eresia (9.00ean) egingo dute kaleetan zehar. Kalejira ere izango da ondoren.

Momentu horretan, ordea, San Sebastian elizan izango dituzte askok begiak. Bertara joango dira herriko agintariak (10.15ean) eta kaleetan prozesioan ibili ondoren, azpeitiar askorentzat unerik hunkigarriena iritsiko da. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek San Sebastian Martxa joko dute elizan bertan.

Azpeitiko bizilagunek ez dute deskantsatzeko unerik izango. Jarraian, herriko kaleak kolorez eta danbor soinuz jantziko baitituzte haurrek (12.30ean), Aitor Expositoren karrozarekin. Aurten lehen aldiz egin du sansebastianetako karroza 25 urteko arkitekto azpeitiarrak eta baserriko bizimodua ardatz hartuta sortu du. Lan handia hartu duen arren, prest du guztia egun handirako. Karroza gainean joango diren haurren arropak ere berak aukeratu ditu.

Era berean, umeen danborrada aprobetxatuko dute omenaldi bat egiteko. Hala, adineko pertsonei egunerokotasunean laguntza eskaintzen dieten boluntarioei beren lana errekonozitu eta esker-tzeko tartea hartuko dute, plazara iristen direnean.

Eta, Azpeitian sokamuturrik gabe festarik ez dagoenez, astelehenean bi saio izango dira, gazteen eta ez hain gazteen gozagarri. Lehenengoa 12.00etan egingo dute plazan eta, bigarrena, berriz, 16.30ean herriko kaleetan barrena.

16.00etan. Haur eta gaztetxoen parkea Izarraitz pilotalekuan

16.30ean. Distorsion eta Baserriko Ollaskue Labien taldeen emanaldia Sanagustin Kulturgunean (16.30ean).

11.00etan. Haur eta gaztetxoen parkea Izarraitz pilotalekuan.

22.00etan. Helduen danborrada.

00.00etan. Konpainia guztiak plaza Nagusian elkartuta, bandera igoko dute.

9.00etan. Txistularien eta musika eskolaren goiz-eseria kaleetan barrena.

9.30ean. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeak, Udal Musika Bandarekin eta Musika Eskolako Txilibatuak taldearekin kalejiran.

10.15ean. Herriko agintariak korporazioan San Sebastian elizara joango dira.

10.30ean. Prozesioa herriko kaleetan.

10.45ean. Mesa nagusia San Sebastian elizan.

12.00etan. Sokamuturra plaza Nagusian.

12.30ean. Haurren danborrada karrozarekin.

16.30ean. Sokamuturra kaleetan.

17.00etan. Haurrentzat birziklatuz eskulan tailerrak Azoka plazan.

23.15ean. Bandera jaitsi arteko danborrada.

00.00etan. Bandera jaitsiera sei elkarterekin Azpeitiko Udal Musika Bandak lagunduta.