azpeitia - Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, herritarren artean arrakasta handia duen Plazatarrak egitasmoaren 2020ko lehen saioa ostiral honetan bertan egingo da (17.30etik 19.00etara bitartean) Plaza Nagusian. Biharkoan parte hartzera animatzen direnek herri kiroletan aritzeko aukera izango dute.

Udaletik gogorarazten dute Plazatarrak egitasmoa "Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen hezkuntzako 6. mailara bitarteko neska-mutilei eta beren gurasoei zuzendutako ekimena" dela. Gainera, programa horren baitan antolatutako saioetan parte hartzeko "ezinbestekoa da izena ematen duten lau umeko gutxienez arduradun batek izena eman eta ekintzan parte hartzea".

Edonola ere, 2020ko lehen saioan parte hartzeko interesa duten herritar guztiek oraindik badute izena emateko aukera. Izena emateko epea gaur bertan amaitzen da eta interesatuek herriko bi ludoteketan edota Gazte Informazio Bulegoan egin dezakete inskripzioa. Era berean, izena 943 157 160 telefono zenbakira deituz edota gib@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua bidaliz egin daiteke.

Udalak herriko haur eta gurasoak animatu nahi ditu Plazatarrak egitasmoan parte hartzera. - J.L.