Azkoitia - Azkoitian musika elektronikoaren sustatzaile handienetakoa izan zen Zuhaitz Urain Zizuren omenez antolatuta, musika elektronikoa gustoko duten guztiek ezinbesteko hitzordua dute asteburu honetan Holz und Blech jaialdiarekin. Hau bihar eguerditik igande goizera bitartean burutuko da Azkoitian eta Azpeitian, 21 orduz jarraian musika jartzen arituko diren 19 DJ-ren partaidetzarekin.

Holz und Blech musika elektronikoaren jaialdia bihar (12.00etan) hasiko da, Elektropeña musika jartzaileak Azkoitiko Dean eta Zakela tabernen aurreko atarian eskainiko duen emanaldiarekin.

Horren ondoren, Ibailo, Depression eta Xugua DJ-ek girotuko duten lagun arteko bazkaria izango da Joseba jatetxean.

Bazkaria amaitzerakoan jaialdiak Matadeixen izango du jarraipena. Bertan Galiano eta Hamid musika jartzaileek jardungo dute (17.00etatik 22.00etara) eta handik Azkoitiko Zakela, Dean eta Txalintxo tabernetara egingo du jauzia festak. Dean tabernan Josu Aranburu, Juantxi eta Anartz DJ-ak arituko dira ; Zakelan Krakobia, Nuria eta Balza; eta Txalintxon Loreak, Drymouth, Piek eta Alexander Loop.

Jaialdiari amaiera emateko Beba, Panda eta Kasper musika jartzaileekin saioa egongo da (igandeko 6.00etatik 9.00etara bitartean) Azpeitiko Inox diskotekan.

Jaialdiaren bultzatzaileek errifa nat antolatu dute aurten lehen aldiz eta sarituta suertatzen den zenbakiaren jabeak lau lagunentzako mariskada irabaziko du. - J.L.