Azpeitia - Udalak herriko emakumeak lasterka egitera animatzeko Zuk ere ahal duzu! programaren XIV. edizioa jarriko du abian hilabete honetan bertan.

Egitasmoaren helburua bikoitza da: "Emakumeei korrika egitearen onurak eta abantailak ezagutaraztea eta taldean aritzeak suposatzen duen balio erantsiaz jabetzea".

Edonola ere, Zuk ere ahal duzu! programan 14 urtetik gorako emakume guztiek hartu ahal izango dute parte, "korrika egindakoek nahiz inoiz egin gabeek".

Izena emateko epea gaur irekitzen da eta interesatuek igerilekuan egin dezakete saioetan aritzeko matrikula (prezioa 20 eurokoa da). Gainera, zalantzak argitu eta informazioa eskuratzeko bilera irekia egingo da hilaren 15ean (19.15ean) igerilekuan.

Udaletik aurreratu dutenez, aurtengo egitasmoaren saioak hilaren 22, 27 eta 29an eta otsailaren 3, 5, 10, 12, 17, 19 eta 26an egingo dira, 19.15etik 20.30era bitartean.

Aurreko urteetan bezala topagunea igerilekua izango da, eta saio guztiak prestatutako monitore batek gidatuko ditu. - J.L.