Azpeitia - Eraikuntzaren eta altzairuen sektoreek herriko ekonomian betidanik izan duten pisu handiak eraginda, Azpeitiak %17,20ko langabezia tasa izatera ailegatu zen azkenengo krisiaren une gogorrenetan, 2013ko urrian, hain zuzen ere.

Ordutik, eta bereziki Udaletik egoera horri buelta emateko hartutako neurriei esker, langabezia tasa poliki poliki jaisten joan da urtero; eta gaur egun Azpeitiko herriak duen langabezia tasa Urola Erdiko eskualdeak, Gipuzkoak eta EAEk dituzten tasen batezbestekoaren azpitik dago.

Izan ere, azaroaren amaierako datuak ikusita, Azpeitiak %7,8ko langabezia tasarekin itxiko du amai-tzear dagoen urtea (EAEkoa baino hiru puntu baxuagoa da).

Udaletik jakinarazi dutenez, joan den hilabetearen amaieran 539 langabetu zeuden herrian; 342 emakume (hauen artean langabezia tasa %10,1ekoa da) eta 217 gizon (hauen langabezia tasa %5,8koa da).

Bestalde, lanik gabe dauden herritarren artean 25 eta 45 urte bitartekoetan ematen da langabezia tasa altuena (%46,8a); 45 urtetik gorakoen artean tasa %44,2koa delarik.

Nagore Alkora alkateak jakinarazi duenez, langabezia eta ikasketa mailak ere lotura dute. Bere hitzetan, "oinarrizko ikasketak dituzte emakume langabe gehienek, adin guztietan. Ikasketa maila handitzen doan heinean, langabezia tasa jaisten doa".

Horregatik, "laguntzekin eta beste motako neurriekin batera", Udalak "fomakuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko du".

aurre egiteko baliabideak Azpeitiko Udalak gogorarazi duenez, "langabeentzat edo lanez aldatu nahi duten pertsonentzat Enplegu eta Orientazio zentroa eskaintzen du Udalak, Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziaren bitartez".

Leire Goenaga Hezkuntza zinego-tziak azaldutakoari eutsiz, zentro horren helburu nagusia "bertara joaten diren herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaini eta bilaketa aktiboan laguntzea" da. Baina "lan eskaintzetan izena ematen laguntzeaz gain, Curriculuma eta aurkezpen gutuna prestatzen ere laguntzen zaie bertan".

Enplegu zentroa astelehen, asteazken eta ostiraletan izaten da irekita (9.00etatik 14.00etara eta 15.00etatik 17.00etara), Sindikatu Zaharreko azken solairuan. Orientazio Zentroaren bidez, berriz, "lan bila dabiltzan herritarrei laguntza pertsonalizatua eskaintzea zaie". Bertan, herritar bakoitzak dituen beharren araberako zerbitzua eskaintzen da lan irteera eta prestakuntza zerbitzuetan aholkularitza eskainiz. Astearte eta ostegunetan izaten da zabalik (9.30etik 14.00etara).