Azpeitia - Azpeitiko Udalak Altuna y Uria enpresari esleitu dio Esklabak-Iturzulo eremuan garatuko den etxebizitza proiektuaren lehen faseko obren kontratua, udaberrian martxan jarritako lehiaketa publikoa burutu ondoren. Lan horiek 9.424.185 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute eta kontratatutako enpresak 20 hilabeteko epea izango du bere lana aurrera eraman ahal izateko.

Udaletik gogorarazi dutenez, 62 etxebizitza eraikiko dira Esklabak-Iturzulo eremuko lurretan gauzatuko den proiektuaren lehen fasearen baitan. Horietatik 29 babes ofizialekoak izango dira eta beste 33ak tasatuak.

Behin obra esleituta, lanak "urtarrilean hasiko dira" eta aurreikuspenak betetzen badira etxebizitza horiek "2021eko udazkenerako" eraikita egongo dira.

Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, "badakigu hainbat herritar obrak noiz hasiko zain daudela eta horregatik pozgarria da guretzat berri hau ematea. Etxebizitzak eraikitzeko obrak urtarrilean hasiko dira baina dagoeneko inguru hori prestatzeko neurriak hartzen hasi dira; berezko eraikitze obren aurretik hainbat aurrelan izaten direlako".