atorren astean Astigarragan, lehenengoz, Lurraldia ospatuko da. Ekimen hau Ilar Eguna eta San Isidro egunaren batura da eta datozen urteetan jarraipena emateko helburuarekin jaio da, Goldea eta Baratze elkarteen eta Udalaren eskutik.

Atzo egindako agerraldian, alkateak, Xabier Urdangarinek, gogora ekarri zuenez, Baserritarren Mahaia eta Udala elkarlanean ari dira baserritarren lanari duen balioa emateko eta, aldi berean, astigartarrei lan hori ikusarazteko, “baserria herritarrengana hurbilduz eta herritarrak baserrira hurbilduz”.

Esan bezala, helburu hauei bultzada berri bat emateko, pandemia aurretik garai hauetan ospatzen ziren Ilar Eguna eta San Isidro bateratu eta osatzea erabaki dute. “Egitarau oparoa prestatu dugu, helburu nagusi honekin: udalerriko ama lurraren babesari, sustapenari eta bertako baserritarren aitortzari gogoz ekitea eta herritarrak horren sentsibilizazioa eta jabe egitea”, aipatu zuen alkateak.

Ekitaldiak maiatzaren 9an hasiko dira, aste guztian zehar Astigarragako Herri Eskola eta inguruko ikastetxeetako ikasleekin baratzetara egingo diren bisitekin.

Maiatzaren 12an, ilarra protagonista izango den pintxo-potea egongo da herriko tabernetan eta ilar pintxo lehiaketa antolatu da. Periko Garmendiak, Baratze elkarteko kideak eta ilar ekoizleak, aditzera eman zuenez, gaur egun Astigarragan 17 ilar desberdin landatzen dira eta Astigarragako propioa den ilar bat sor-tzeko bidean daude. “Astigarragak garai batean ilar ekoizle bezala zuen ospea berreskuratu nahi dugu eta horretan lanean ari gara”, esan zuen.

Hurrengo egunean, Erriberan 18.30ean, Santiagomendiko landazabaleko heskai biziak solasaldia eskainiko du Elena Alonso ingurumen teknikariak. Gainera, 19.00etan Anari abeslariaren kontzertua egongo da Taula baserrian (eguraldi txarra egiten badu Barandiaran plazan).

Hala eta guztiz ere, egitaraua asteburuan mardulagoa izango da. Izan ere, maiatzaren 14ean, 10.30etik 14.00etara ilar azoka eta herriko baserrietako ganadu erakusketa izango da Foru plazan.

17.00etan bost baserri bisitatzeko aukera izango da. Baserri bakoitzera?hamabost bat pertsona bertaratuko dira eta oinez Barandiaran plazatik abiatuko dira. Izena udal webgunean ematea beharrezkoa izango da. Eguna amaitzeko, 23.00etan berbena egongo da Laiotz taldearekin, Joseba Barandiaran plazan

Bukatzeko, maiatzaren 15ean, igandean, San Isidro eguna ospatuko da Foru plazan. Antton Arkak, Goldea elkarteko koordinatzaileak, egun horretako hiru ekintza azpimarratu zituen: 10.00etan, Lizardi baserriko loreen erakusketa; 12.30ean idi dema eta 18.00etan, herri kirolak emakumezko eta gizonezko partaideekin.

Arkak azaldu zuenez, urtetan baserritar helduak omendu izan dituzte, baina aurten arreta baserriko belaunaldi aldaketan jarri dute eta Lizardi familia omenduko dute. l

Aurten baserrietako belaunaldi aldaketan jarri dute arreta eta Lizardiko familia omenduko dute maiatzaren 15ean