- Tolosak hirigintza arloan onartu dituen azken proiektuetan abstentziora "arrazoirik gabe jotzea" leporatu dio EH Bilduri eta zalantzan jarri du bere etxebizitza politika. "Arrazoi sendoak ditugu erabaki hauek hartzeko", arrazoitu du oposizioko alderdiak.

Iurreamendiko plan bereziaren kasuan, azaldu dutenez, "2009ko Hirigintza Plana onartu eta Larramendi auzoan legeak baimendutakoa baino etxebizitza gehiago egin ziren, auzitegiek adierazi bezala. Hori dela eta Iurramendiko lur eta inguruko berdeguneak Sistema Orokorretara pasa ziren, Larramendiko gehiegizko eraikuntza zuritzeko. Hiri antolamendu jasangarria eta orekatuaren aurretik etekin ekonomikoa lehenestearen ondorioak dira".

Hala ere, plana onartzeko asmoz bi baldintza ezarri zituen EH Bilduk: babes ofizialeko etxebizitzak alokairukoak izatea eta hirigintzako ekin-tzan sortutako gainbalioen %15a, behin auzune berriaren ekipamenduak osatuta, Alde Zaharra eraberritu eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko inbertitzea. "EAJk alokairuko etxebizitza sozialen parkea handitzearen kontra egin zuen", argudiatu dute.

San Frantzisko 37ko plan berezia onartzerakoan, aldiz, Sagrado Corazon etxea deritzona babesteko eskaria egin zuela dio EH Bilduk "Tolosako etxe singular bakanetarikoa mantentzeko" eta ezezkoa jaso zutenez, abstenitu egin ziren bozketan.

Azken osoko bilkuran, Amaro-tzeko paper fabrika zenaren lursailean alokairura bideratuko diren 111 etxebizitza eraikitzeko Udalak Visesa erakunde publikoarekin hitzarmena sinatzea onartu zen. EH Bilduk alokairurako etxebizitza publikoaren parkea zabaltzearen alde egiten du "eta sektore pribatua ez sar-tzeko bermeak jartzea" babesten dute "espekulazioa saihesteko". Hala ere, EH Bilduren iritziz, "Udalak Visesari emango dion 666.000 euroko dirulaguntza ez da bidezkoa, legeak ahalbidetzen badu ere. Udalaren laguntza izapideak erraztu eta hobariak eskaintzea izan beharko luke, besterik ez".