- Familia bat, manta/lo-zaku bat.

Behar handiena duten familien-tzat janari eta material bilketa antolatzen dute urtero Gabon inguruan, baina azken bi urteotan ezinezkoa izan zaie, pandemiak hala behartuta. Bilketaren ordez, Elkartasun ufada kanpaina martxan jarri dute. "Herritik eta herriarentzat aritu gara beti, eta hala arituko gara gerora ere. Zinez eskertuta gaude lortutako emaitzarekin", azaldu zuten atzo ikasleek egindako agerraldian.

Iaz Gipuzkoako Elikagai Bankua, Gipuzkoako Caritas eta Zaporeak elkarteetara bideratu zuten laguntza eta aurten, berriz, Aita Mari erreskate ontziari egingo diote elkartasun keinua. "Ikasle guztiok jaso dugu erreskate ontziaren inguruko informazioa eta kapitainarekin, erizainarekin eta boluntarioekin hitz egiteko aukera izan dugu. Hori dela eta, Aita Mariren lana ezagutzearekin batera, giza eskubideen balioen defentsan aritzen den lan-taldea eta Aita Mari- Maydayterraneo proiektua lagun-tzeko prest gaude", esan zuten. Hala, Laskorain Ikastolako ikasleek bat egingo dute proiektuak berak defendatzen dituen eskubideekin, hala nola, bizitzeko eskubidea, laguntza humanitarioa jasotzeko eskubidea, babeserako eta segurtasunerako eskubidea eta nazioarteko asilioa jasotzeko eskubidea.

Bide honetan, bilketa berezia antolatu dute larunbat goizerako, Familia bat, manta/lo-zaku bat lelopean. San Frantzisko eliza atarian, 11.00etatik 13.30era entregatu ahal izango dira manta edo lo-zakuak. Herritar orori zabaldu diete deia eta kaleak musikaz girotzeko asmoz, Laskotxaranga txarangak bat egingo du ekimenarekin.

Larunbat goizean ikasleak San Frantzisko eliza atarian izango dira 11.00etatik 13.30era, eta mantak eta lo-zakuak jasoko dituzte