Inauteria berriro egongo da, nahiz eta pandemia ez den bukatu eta neurriak egongo diren. Ohikoa den legez, Kabi Alai elkarteko kideek botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik ordulariak hamabiak direla iragar-tzen duenean. Letra larriz idatziko diren sei eguneko festa izango dute orduan tolosarrek aurretik. "Inauteri ezberdinak izango dira, baina denak dira ezberdinak. Aurtengoak arduraz disfrutatzekoak izango dira", esan du Olatz Peon alkateak.

Ezustekoan harrapatuko ditu aurten ere Kabi Alai elkarteko kideen pregoiak plaza Zaharrean bilduko den jendetza. Tolosa herriari aitor-tza egingo diote aurten, inauterizale zehatz bat izendatu ordez. "Denbora falta izan dugu ohiko moduan omenaldia prestatzeko, baina aitor-tza honekin keinu bat egin nahi diegu hainbeste sufritu duten tolosarrei, eta batez ere, inauterizaleei", azaldu du Iker Vidaurre elkartekideak. Hala ere, udaletxeko balkoian ez dira faltako ohiko txantxak eta umorea, eta sorpresarik ere izango dela aurreratu dute. Ezin gutxiago espero.

Gaurko egitarauari dagokionez, 11.15ean udal txistulari bandak Inauterietako Zortzikoa joz egingo du ohiko ibilbidea. Ondoren, festazaleak plaza Zaharrean bilduko dira suziriak festa handia noiz iragarriko duen zain. Erabateko jaia hasiko da orduan, Pintxana eta Kabi Alai txarangen doinuek alaituta.

Arratsaldean, aldiz, zezen plazara bideratuko da festa, izan ere, 16.30ean hasiko da zezen-festa txarangek girotuta. Gogoratu dute jende pilaketak ekiditeko zezen plazako sarrera-irteerak musikarik gabe egingo direla eta eskatu dute, ahal dela, kalejiran txarangen atzetik joateko eta ez aurretik, jende fluxuak arintze aldera.

Ostegun Gizenak gauerako ere gordeko du festa grina. 20.00etan Aurrera kirol elkarteko denborrada aterako da kalera eta 23.00etan Toc eta Basagain taldeen kontzertuak aurreikusi dituzte txosnagunean.

Bihar Ostiral Mehea izango da, tolosarrek indarrak hartzeko eguna izan ohi dena. Ozenki txistulari taldea izango da goiztiarrena eta kaleak alaituko ditu 11.30etik aurrera. Arratsaldean, 16.30ean, zezen-festa izango da Kabi Alai taldeak alaituta eta iluntzera begira, 20.30ean Ostiral Mehe eguneko danborrada izango da (Oargitik), 22.30ean Arpegi taldearen jaialdia Leidorren, eta 23.30ean Jainekin txaranga aterako da kalera.