- Amasa-Villabonako Udalak merkataritza sustatzeko plana osatzeko prozesua abiatu du, Merkataritza herriarentzako sektore estrategikoa dela jabetuta. Lehenengo pausoa izango da diagnosia osatzea, ondoren, uda aldera, ondorioak atera eta ekintzak adosteko helburuarekin.

Merkataritza sektoreak garrantzia handia du Amasa-Villabonako ekonomian eta gizartean. Beatriz Unzue alkatearen hitzetan, "enplegu asko dituen funtsezko sektore ekonomiko bat izatetik harago, saltoki eta dendek herriko kaleei ematen dien bizitza azpimarratu behar da". Bere ustez, "covid-19ak sortutako krisiak eragin nabarmena izan du eta "inoiz baino ageriago geratu da" merkataritza sektorea bizirik eta osasuntsu mantentzeko neurriak hartu behar direla.

Bide honetan, Oria merkatari elkartearekin adostuta, aipatutako plana osatzeko prozesua jarri dute martxan eta horretarako, estatistiketan eta merkatu azterlanetan adituak diren Ikertalde Grupo Consultor SA enpresa kontratatu du 7.260 euroko inbertsioa eginez.

Ikertaldeko Gorka Goikoetxeak azaldu moduan, plan honen lehen fasean, herritarren eta merkatarien ohitura eta beharrak ezagutuko dituzte, eta joerak kontutan hartuta, egoera ondo ezagutzeko balioko duen diagnosia osatuko da. "Behaketa lana egingo dugu eta galdetegiak egingo ditugu merkatari nahiz kontsumitzaileen-tzat. Errealitatea nolakoa den azterketzeko balioko digu eta ahuleziak zein indarguneak identifikatzeko", azaldu du Goikoetxeak.

Jarraian, diagnosi horren ondorioak ezagutu eta aztertu ondoren, Amasa-Villabonako egoerara egokitutako ekintza plan bat diseinatuko da. Plan horrek herriko merkataritzari bultzada bat emango dioten neurri zehatzak definituko ditu eta bide-orri izango da hemendik aurrera udalak garatuko duen merkataritza sustatzeko politiketarako. "Etxekolanak jarriko dizkiegu Udalari, merkatariei eta eragile guztiei", gaineratu du adituak.

Merkatariek begi onez hartu dute egitasmoa, garai zailak bizitzen ari baitira. Arantxa Mujika dendariak azaldu moduan, orain ari dira pairatzen pandemiaren ondorio latzenak: "Iaz konfinamendu perimetralekin jendea herrian geratzen zen, baina orain ari zaigu iristen benetako krisia".