- Zizurkilgo Udalak 4.143.029 euroko aurrekontua izango du aurten eta, beraz, lehen aldiz gaindituko da lau milioi euroen langa. EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ eta PSOE-EEren abstentzioarekin onartu ziren.

Iazkoekin alderatuta, %17,26 hazi da aurrekontua, eta ohiko gastuei aurre egiteaz gain, zenbait inbertsio egiteko aukera eskainiko dio. Iker Urruzola alkatearen hitzetan, "Udalak 650.000 euroko zorpetze maila izango du aurten, %18,5 alegia. 2011n, esker abertzalea Udalera iristen zenean, zorpetze maila hori %100koa zen. Hamar urte hauek behar izan ditugu egoerari buelta eman ahal izateko. Zorra orain dugun maila horretan mantentzea da helburua". Udalaren helburua zorpetze maila "jasangarria" mantentzea da.

Ohiko gastuei dagokienez, doiketa lanak egin dituzte aurrekontuetan: "Energia gastuen neurketa erreala egin dugu aurten, eta horrek diru gehixeago utzi digu beste gastu ba-tzuei aurre egin ahal izateko". Horrez gain, udaleko webgunea berritzea ere izango da 2022ko helburua. "Bestalde, diru kopuru garrantzitsu bat gorde dugu jai giroko ekitaldietarako. Bada garaia gazteekin elkartu eta haien iritzia entzunez, herrian zerbait antolatzekoa".

Inbertsioei dagokienez, Bulandegiko obrarekin egingo da ahaleginik handiena. Joxe Arregi plazatik, Argietxe ingururaino iritsiko litzateke lehen fasea, errepidearen bi aldetara. Aurten 325.000 euroko partida jaso dute horretarako eta datorren urtean falta diren ia beste 300.000 euro jarriko dira. Era berean, Danenaren atzeko gunea aisia eta kirolari eskainiko zaio, herriko konpost-guneak berrituko dira, piktogramak jarriko dira, liburutegi alboko biltegiari txukunduko da eta bi haur parke berrituko dira.