Garaiko mugimendu euskaltzalearen babesean sortu zen Tolosako Euskal Ikastola eta lehenengotarikoa izan zen Euskal Herrian umeei euskaraz irakasten. Hasi eta gutxira etenaldi labur bat izan bazuen ere Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean -bertan politika egiten zela argudiatuta-, ikastola hark 1922 eta 1936 artean iraun zuen, Maria Dolores Arbilla irakaslea gidari zuela.

Tolosakoa 1920ko hamarkadan Euskal Herrian osatzen ari zen giroaren emaitza izan zen. 1917an Migel Muñoa abertzale aberatsak, Bidania eta Donostia artean bizi zenak, Euskal Ikastetxea irekia zeukan Donostian. Bertan, irakasle euskaldunak izateaz gain, eskola gaiak euskaraz lantzen zituzten. Horrekin batera, 1918an sortu zen Eusko Ikaskuntzak ere euskara irakaskuntzan sartzeko egitasmoa zuen. Politikoki ere aldeko haizeak areagotzen ari ziren, jeltzaleen artean mugimendu indartsua sortu baitzen euskara kultur hizkuntza bilakatzeko eta hezkuntzan sartzeko.

Giro horren guztiaren erdian zebiltzan hainbat tolosar. Isaac Lopez-Mendizabalek, adibidez, ordurako argitaratuak zeuzkan Umearen Laguna irakurtzen ikasteko liburua eta Zenbakiztiya aritmetika liburua. Ixakarekin batera, kulturgile euskaltzale eta abertzale ugariren elkargunea zen Tolosa, lehen lerroan zebiltzan enpresari edo politikariak horietako asko.

Maria Dolores Arbilla Maistra tituluduna zen ordurako eta, proiektuaren berri izan zuenean, Bilboko bere lana utzita batu zen Ikastolara. Lehenengo egunean lau ikasle eskasekin hasi bazen ere, hurrengo urteetan kopurua asko hazi zen. Hainbeste, ezen 1931n bigarren ikastetxe bat ireki baitzuten Laskorain kalean, guztira 80 ikasle inguru izatera iritsita.

Bihar egingo den ekitaldian parte hartuko du Tolosako Udalak eta Galtzaundi taldeak, herriko hiru hezkuntza komunitateak, eta haiekin batera izango dira Eusko Jaurlaritzako zein Eusko Ikaskuntzako ordezkariak. Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketa egiten ari den Haritz Azurmendi ikertzaileak ere euskal eskolari buruzko azalpen laburra ere egingo du.