- Ibarrako liburutegi tutorizatua aurten ere egingo da: astean bitan elkartzen dira ikasleak zein boluntarioak. Egitasmoak aurrera jarrai dezan, ordea, herritar gehiagok parte hartzeko gonbidapena egin dute.

Irakurketa-plan herrikoia martxan jartzeko asmoa zuen Udalak 2019-2020 ikasturtean; baina bertan behera utzi behar izan zuen covid-19ak eragindako egoera zela eta. Proiektu hari alternatiba emateko hobetsi zuten liburutegi tutorizatuaren ekimena, zeinak oinarri zientifikoa ere baduen. Hiru urteko proiektu-pilotua da eta Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara bitarte irauten du.

Haurrak astean bitan elkartzen dira, hain zuzen ere, astearteetan eta ostegunetan. Lehen saioan etxeko lanak egiten dituzte, eta bigarrenean, berriz, liburuak irakurri eta horien inguruan hausnartzen dute. Boluntarioek gida-tzen dituzte saioak, Kristina Martinez Arnaiz da horietako bat, eta azaldu du zein diren ekimenaren oinarriak: "Doakoa da eta komunitatean lan egitea sustatzea du helburu". Era berean, kontatu du liburuak aukeratzeko garaian kontuan hartzen direla genero-berdintasun irizpideak, eta euskal literatura dela lantzen dutena. Idoia Mendiaraz Bail da beste boluntario bat, eta liburutegi tutorizatua proiektu zinez interesgarria dela nabarmendu du: "baliagarria da norberaren heziketa osatzeko ere, batetik, formakun-tza-saioak izaten dituztelako, eta, bestetik, haurren ikuspuntutik ere asko ikasten delako".

Liburutegi tutorizatuko kideak dira Aiora Altuna Mendiaraz eta Edur Armendariz Lekuona ikasleak, eta biek ala biek nabarmendu dute "oso gustura" joaten direla. Proiektuaren abantailez ere aritu dira: "Lagunekin arinagoa etxeko lanak egitea, eta errazagoa, talde-lanak egitea. Gainera, etxera iristerako bukatuta izaten ditugu eskolako lanak".