Tolosa: Gazteen boluntariotza azoka egingo dute Tolosan

19 elkartek eta 750 gazte inguruk hartuko dute parte hilaren 27an Izaskun auzoan egingo den ekimenean

21.10.2021 | 00:44
Atzo Inmakulada Ikastolan egindako aurkezpena. Argazkia: N.G.

Tolosa – Gazteen artean boluntariotza sustatzeko helburuarekin, Boluntariotza Azoka antolatu dute urriaren 27an Tolosako Udaleko Gazteria, Komunitatea eta Gobernantza eta Gizarte Zerbitzuen sailek eta Inmakulada ikastetxeak. Gazteek boluntariotza proiektuak ezagutzeko aukera izango dute, "gizarte eraldatzaile eta herritar konprometituak" izan daitezen.

Joseba Ormazabal Gazteria eta Komunitate eta Gobernantza sailetakoko zinegotziak adierazi moduan, "Tolosa eta tolosarrak beti izan gara aktiboak, konprometituak, solidarioak eta elkar-laguntzekoak. Balio horiek sustatzeko eta Tolosako elkartegintza sarea indartzen eta ehuntzen jarraitzeko asmoz antolatu da azoka hau, Inmakulada Lanbide Ikastolaren ekimenez, Tolosako Udalaren laguntzarekin gazteen artean boluntariotzari lotutako ekimenak eta balioak sustatzeko eta gazteen parte hartzea indartzeko."

Era beren azaldu zuen azoka erabat lerrokatuta dagoela legealdi planean jasotako helburu estrategikoekin: "Herritartasun aktiboa eta gazteen ekintzailetza sustatzeko eta herriko eragileen sarea indartzeko helburuekin". Bestalde, Tolosatzen eta Tolosatzen Eskola Irekiko helburu eta lan-lerroekin ere bat egiten du azokak, sendotze sozio-komunitarioa, elkarlan publiko-komunitarioa eta elkar-ezagutza harremanak sendotzeko ahaleginean.

Izaskun auzoan egingo da, goizez. Tolosaldeko ikastetxe guztiak gonbidatuta daude eta 750 gaztek azaldu dute azokara hurbiltzeko asmoa, azokaren helburuekin bat egiten dutelako. 19 elkarte egongo dira azokan beren proiektuak a eskaintetza aurkezten: Jatorkin Al-Nahda, Abegi, Atzegi, Adinkide, Eskola Laguntza, Cear, Gizalde, Gurutze gorria, Dya, AECC, Goyeneche, Itaka-Eskolapios, Gautena, Zutani, Nagusilan, Urrats bat, Gipuzkoako kirol egokituko federazioa, Aspace eta Asebier.

noticias de noticiasdegipuzkoa