Legealdi Plana, "izugarrizko" martxan

11.10.2021 | 00:05
Gobernu taldea, Legealdi Planaren balorazioa egin ostean. Argazkia:N.G.

usurbilgo Udal Gobernuak lehenengo bi urteEtan aurkeztutako 130 neurrietatik %60,77 abiatu ditu

Usurbilen, legealdi erdia pasatuta, azken bi urteetako balorazioa egin zuen udal Gobernuak joan den astean. Legealdi Planaren betetze maila "izugarria" da, euren esanetan. Gogoratu zutenez, udal Gobernuak 2020ko urtarrilean aurkeztu zuen Legealdiko Plana, Usurbiltzen lelopean: lau urteko agintaldian egin beharreko 130 neurri aurkeztu zituzten. Bi urteren ostean, neurrien %60,77 martxan edo eginda daude.

Hala eta guztiz ere, Legealdiko Planean 130 neurri jaso bazituzten ere, bi urteotan apartekoak ere sortu dira: batzuk, bidean hala suertatuta, eta, beste batzuk, covid-19ak eraginda. Neurri berriak 88 dira, eta horietatik 68 daude martxan edo eginda.

"Legealdi hau pandemiak baldin-tzatutako legealdia izaten ari da: oso estresantea, intentsoa, baina, era berean, ikasbidea. Alarma egoera ezartzearekin batera, lan egiteko eta kudeatzeko logika guztiz aldatu genuen, eta urgentziak gestionatzen hasi ginen", azaldu zuten.

Lehen momentutik, "kolektibo eta pertsona zaurgarrienengan" jarri zuten begirada: "Pandemiaren kaltetuenak eta ahulenak diren kolektiboak identifikatzen saiatu ginen, haiei zuzendutako neurriak artikulatu ahal izateko". Hala, hainbat neurri hartu zituzten. Horietako batzuk Udaletik abiatu zituzten, eta, beste batzuk, komunitatearekin elkarlanean: Herritarren Babes Sarea, Gertuago kanpaina (tokiko kontsumoa sustatzeko abiatutako deskontudun bonuak eta gerora etorri den atari digitala) eta Kultur Bira.

Honenbestez, zailtasunak zailtasun eta covidak baldintzatutako legealdia izan arren, planean jasotako proiektu izarrak martxan daude. Adibidez, Emakumeen Etxeko parte-hartze prozesua eginda, obra fasean sartu dira eta 2023 hasieran irekitzeko aurreikuspena dago.

Txirikordako obrak esleitu dira eta hilabete honetan hastekoak dira. 2023 hasieran martxan egoteko aurreikuspena dago.

Zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesuaren baitan, talde eragilea martxan da, legegintzaldiko lehentasunezko proiektua izanik.

noticias de noticiasdegipuzkoa