Alkiza | Euskal planisferioa aurkeztuko dute Alkizan

Aranzadik oso-osorik euskaraz sortu duen baliabidea ezagutu ahal izango da hilaren 17an

08.09.2021 | 00:44
Elkano euskal planisferioa. Argazkia: Aranzadi

Alkiza – Elkano euskal planisferioaren aurkezpena eta gaueko behaketa antolatu dute irailaren 17an Alkizan. Oso-osorik Aranzadi Zientzia Elkarteak euskaraz idatzitako baliabidea da eta gure paraleloan, hau da, 43º-ko ipar latitudean kokatuta dagoen lehena.

Munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurrena dela-eta sortu da planisferioa. Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizonak 1522an amaitu zuen Lurrari egindako lehen zirkunbalazioa. XVI. mendeko nabigatzaile haiek lotura handia zuten astronomiarekin; izan ere, bidaia handi haietan orientatu ahal izateko, izarrak ezagutu behar zituzten. Horretarako, hainbat tresna erabiltzen zuten: astrolabioa eta itsasorratza, adibidez. Gaur egun, berriz, planisferioak erabiltzen dira gaueko gure zerua ezagu-tzeko eta zeruko mugimenduak ulertzeko.

Alkizan antolatu den aurkezpenean, Virginia Garcia, Aranzadiko astronomoak planisferio bat zer den eta nola erabili behar den erakutsiko du. Gainera, bertara-tzen direnek ikusi ahal izango dute planisferioak jasangarritasunarekin ere baduela lotura, gizartea kutsadura luminikoaren inguruan kontzientziatzeko ere balioko baitu aurkezpenak. Elkano planisferioa ezagutu ondoren, ikastitakoak praktikan jarriz, zerua behatuko dute.

Aurkezpenean (19.30) zein behaketan (21.00) parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, saio bakarrean ere izena eman daiteke. Ekitaldi bakarrerako sarrerak hiru euro balio du eta bietan parte hartuz gero, bost euro (alkizarrak eta hamabi urtez azpikoak doan).

Horretarako, bidali emaila kultura@alkiza.eus helbidera edo WhatsAppa 688 604 466 zenbakira. Irailaren 16a izango da izena emateko azken eguna eta edukiera mugatua izango da.

noticias de noticiasdegipuzkoa