Herritik ospitalera zuzenean doan autobusa berriro izateko Usurbileko herritar batzuk lehengo astean abiatutako sinadura bilketa eta gero, Udalak kasu egingo die, Ospitalea garrantzi berezia duelako: "Ospitaleko linea hartzen duenak lanera joateko, bisitan edo zaintzera joateko hartzen du, eta bistan da murrizketa honek, batez ere, emakumeei eragiten diela, haiek baitira zaintza lanak egiten dituztenak".

Herritar talde bat sinadurak biltzen hasi da, eta lau egunean 800 sinaduratik gora lortu dituzte. Ekimena babestu du Udalak, udal-ekipamenduetan ere sinadurak biltzeko aukera emanez: udaletxean, Sutegin, kiroldegian eta Potxoenean.

Herritarrekin bilera irekia egin zuen lehengo astean Udalak, euren eskaerekin bat egin eta Aldundiak Buruntzaldeko eta Tolosaldeko udal-ordezkariekin egindako bilerak emandakoak azaltzeko.

Herritarrek bezala, Udalak ere ezustekoa hartu zuen zerbitzu berria martxan jartzeko moduarekin: "Egun batetik bestera jarri dute martxan, eta Udalei ez digute ezer esan". Usurbilgo kasuan, Buruntzaldearekin lotzen zituen bi autobus linea baino ez zituen lehen: Usurbildik Hernanira zihoana, Santueneatik eta Zubietatik pasatuta, eta Usurbildik zuzenean ospitalera zihoana. Lehenengoan atzerapenak izan dira zerbitzu berria martxan jarri denetik, eta bigarrena kendu egin dute.

Usurbilen ez ezik, eskualde osoan piztu du haserrea zerbitzu berriak. Eta horren erakusgarri da ostegunean Aldundiak deitutako bilera. "Presio baten ondorio da: Aldundiak ez ditu bilerak egun batetik bestera antolatzen. Ezinegona eta haserrea nabaritu dituzte, eta horregatik deitu dute bilera. Gauzak konpontzeko konfiantza tarte bat emango diegu, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Inportantea da presioa egiten jarraitzea", esan du Udalak. Sinadura bilketa babestearekin batera, Udal Gobernuak mozio bat aurkeztuko du bihar egingo den uztaileko ezohiko osoko bilkuran.

Bilera horretan, Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Diputatu Rafaela Romerok adierazi zuen atzerapenak gaurtik aurrera konpontzea espero dutela. Eta, Usurbilgo kasuan, ospitaleetako linea berreskuratzeko borondatea dutela esan zuen, irailetik aurrera. Udalak uztailean eta abuztuan ere jarri behar litzatekeela nabarmendu zuen, baina, bileraren ostean, ez du uste halakorik gertatuko denik. Zerbitzua noiz ez ezik, nola berrabiaraziko duten ere ikusteko dago. "Beste era batera antola-tzea aztertzen ari dira, ordutegiak zein maiztasunak", azaldu dute Udaletik. Bileran, Romerok hitz eman zuen moldaketak martxan jarri aurretik proposamenak idatziz bidaliko dituztela Udaletara.