- Herriko bizikleta-zaleek egindako eskaerari erantzunez, Amasa-Villabonako Udalak bizikletak garbitzeko eta oinarrizko konponketak egiteko gune berri bat egokitu du. Otsabiko parkean, Pump Track pistaren ondoan, kokatu dute eta atzo zabaldu zen. Beraz, hemendik aurrera goizeko 8.00etatik iluntzeko 21.00etara erabilgarri izango da.

Espazio berri honetan bizikletak heltzeko bi euskarri eta ur presio handiko mangeraz gain, bizikletak konpontzeko bestelako erremintak edo tresnak ere egongo dira erabiltzaileen eskura. Hala nola, bihurginak, torx giltzen sorta, allen giltzen sorta, giltza finkoa, giltza zabalgarria, desmuntagarriak eta puzgailua, besteak beste.

Gune berria errespetatzeko eta zentzuz erabiltzeko eskatu zuen Udalak. Horregatik, garbitokiaren sarreran zehaztuta dauden erabilera arauak ere gogorarazi zituen: Debekatuta dago kotxeak eta motoak garbitzea, ezin da xaboirik erabili eta joan aurretik txorrota itxi eta gunea txukun utzi behar da.

Udalak lehendik zituen baliabideak eta materialak berrerabili dituzte brigadako langileek gunea eraikitzeko, inguruko kartelak Rótulos Vicente SL enpresarekin egin dira, eta gunea On Bizi enpresaren bidez eskuratu da. Horrela, guztira, 5.262,29 euroko inbertsioa egin du Udalak.