- Pandemiaren eraginez, iaz Leaburu-Txaramako San Pedro jaiak bertan behera geratu behar izan ziren. Aurten "ohiko" festak ez ospatu arren, "ekintza puntualak" antolatzea erabaki dutela adierazi zuen Leaburu-Txaramako zinego-tzia Elixabet Eizagirrek. "Larunbatean egun osoan zehar haur eta gaztei zuzendutako ekintzak izan genituen herrian, eta atzo jubilatuen txanda izan zen", gehitu zuen. Gauzak honela, atzo goizean jubilatuak omendu zituzten herriko frontoian.

Herritar asko izan ziren omenaldirekin bat egin eta ekimenaz gozatu nahi izan zutenak. Izan ere, dantza, musika, bertso, txiste eta hamaiketako bereziaz disfrutatzeko tartea izan zuten.

Herriko hamaika gaztetxoek osatutako dantza taldearen emanaldiarekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Egun grisari argia eman zioten hamaika dantzarien gona koloretsuek. Euritan dantzan ibili ez baziren ere, aterkien laguntzarekin ikasturte osoan zehar ikasitako hainbat koreografia egin zituzten, eta euskal dantza tradizionalaren pieza esagunratsu batekin bukatu zuten: agurra.

Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek ere omanaldiaren parte izan nahi zuten, eta hauek biek eman zieten bertaratu ziren jubilatu zein gainontzeko herritar guztiei ongietorria ondoren. Euren kantu eta hitzek Leaburu-Txaramako frontoiko ertz guztiak bete zituzten.

Atsedenaldi moduan, tripa bete-tzeko hamaiketakoa izan zuten tartean. Indarrak hartu ostean, ordubeteko bertso saioen kontuez, eta barre-agara artean txiste kontalari batez gozatzeko aukera ere izan zuten.

"Pandemia garaian, gehiengoek etxetik ateratzeko aukera izan dugu, erosketak egitera edo lana dela eta. Jubilatuek, ordea, ez dute aukera hori izan eta etxean sartuta egon behar izan dira", kontatu du Eizagirrek. Era horretan, konfinamenduan zehar egin duten esfor-tzua omendu eta eskertu nahi izan dutela adierazi du: "Horregatik eskaini nahi izan diegu gaurko egun berezia".