- Eskola kalean, eskola naturan lelopean, ikasturte hasieran Fleming Herri Eskolako komunitatean martxan jarri zuten proiektua da. Ikasturte honen hasieran inoiz baino behar gehiago zegoenez ikasleak aire librean egoteko, lan talde bat sortu zuten behar honi erantzun bat emateko helburuarekin. Proiektu hau ikasturtean zehar gorpuzten joan da eta azkenean, pandemia dela eta ez dela, covid-19aren testuinguruan sortu den proiektua ere izan da. Hala ere, datozen urteetan jarraipena izango duela adierazi du komunitateak Fleming Herri Eskolako baloreekin bat datorren ekimena delako.

Egitasmo honen helburua ikasleen ongizatea bermatzea da, osasuna zein ingurua ezagutuz, zainduz eta balioetsiz. Horretarako, eskolako zein herriko espazio eta natur-gune ezberdinetan aire zabaleko jarduerak lehenetsi dira, ingurumenak eskeintzen dituen onurez jabetzeko. Besteak beste, naturarekin harremana, sistema inmunea indartzea, gaixotasunak gutxitzea, alderdi emozionala sendotzea, jarrera-motibazio eta komunikazio gaitasunak hobetzea, harremanak sustatzea, sormena lantzea eta berdintasuna sustatzea.

Horretarako, komunitateak Amasa-Villabonako Udalarekin elkarlanean herriko zenbait espazioen gida bat sortu zuten, eta eskolako eremuan lanerako arnas-guneak, familietan bolondresak eta gelako ordutegietan irteerak antolatu zituzten ere. Gaiaren garrantzia ikusita, naturan hezteak dituen onurei buruzko hitzaldia ere antolatu zuten.