- Ur Mara museoak eta Alkizako Udalak, Sormenaren Kabia proiektuaren baitan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, artea, zientzia eta natura uztartuko dituzten hiru egonaldi eskainiko ditu estreinakoz aurtengo udaran. Uztaila eta abuztuan izango dira egonaldiak. Hain zuzen, uztailaren 25etik 31ra, abuztuaren 8tik 14ra eta abuztuaren 22tik 28ra, eta parte hartzaileak ekainaren 25a baino lehen egin beharko dute izen ematea, www.fagus-alkiza.eus edota www.urmara.com atarietan.

Elena Cajaraville eta Koldobika Jauregi, Ur mara Museoaren sortzaileak izango dira Sormenaren Kabia egonaldietako parte hartzaileen tutoreak. Ikasleei euren sormen prozesuan lagunduko diete, bakarka zein taldean. Gainera, egonaldiak irauten duen bitartean, beste zientzia-alorretako adituen bisita izango dute, eta saio teorikoa eta praktikoa eskainiko dizkiete ikasleei. Horien artean Ana Galarraga zientzia dibulgatzailea materiaz ariko da lehenengo ekitaldian; bigarren astean Itziar Garate astrofisikariak espazioaz egingo du gogoeta; eta azkeneko egonaldira, Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dute paisaiaz hitz egiteko. Zientzialari hauen laguntzaz aukeratutako gaiaren inguruan, hausnartu eta sorkuntza prozesuan sakontzeko aukera izango dute parte hartzaileek.