- Tolosako Udal Musika Banda & Lagunak lelopean, Tolosako Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du larunbatean, hilaren 29an. Bertan, musikari ezagunak izango dituzte kolaboratzen, eta tartean, herriko musikariek konposatutako obrak nahiz herriarekin zerikusia dutenak ere joko dituzte. Emanaldia 19.00etan Tolosako Plaza Zaharrean hasiko dela aurreikusten dute, baina euria eginez gero, Zerkausian izango da.

Kontzertuak euskal dantzarekin lotura duen musika izango du abiapuntu, baita beste lurralde zein kulturatako musika entzun eta ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. Besteak beste, ijito komunitatearen dantzen ingurukoak edota kubatarrak.

Gauzak honela, Tolosan dauden hainbat talde eta sortzaileekin lan egitea izango da Udal Musika Bandaren helburua. Arrazoi horregatik, Tolosako zein beste herrietako hainbat eragileek eta pertsonek ere parte hartuko dute ekimen honetan: Mariaje Rekondo piano jotzailea; Maixa Lizarribar, Amak taldeko trikitilaria; Tolosako Udal Txistulari Banda; Udaberri Dantza Taldeko Miren Nazabal eta Julen Uranga dantzariak; eta Iker Dorronsoro eta Eneko Hartsuaga dultzaineroak.

Horrez gain, obra desberdin asko izango dira entzungai. Horien artean daude: Eduardo Moreno, Laguardiako musika bandako zuzendariak konposatutako Una tarde en Laguardi obra dultzaina, txistua eta trikitixa uztatuko ditu bandarekin batera, elkarlanean; Juanma Saez Etxabe musikari eta konposatzaileak Iñauteriko iruzurra obra konposatu du aurten, Tolosako Udal Musika Bandari eskainia; Ramontxo eta Amatxi, Xanti Nazabal eta Jon Esnaola musikari eta konposatzaileek egindako fandango eta arin arina txistulari banda eta musika bandarekin jo ahal izateko; eta kubatar dantzak.

Kulturak jipoi galanta jaso duela gogorarazi zuen bandak. Horregatik, kultura, sortzaileak, eta herriko musika banda babesteko eskatu zien tolosar guztiei.