- Uztailean haurrentzako hainbat jarduera eskainiko ditu Alegiako Udalak. Alde batetik, HH4tik LH2ra bitarteko haurrek udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute eta bestetik, LH3tik LH6ra bitartekoek, kirol udalekuak izango dituzte eskura.

Bi jardueretako txandek iraupen bera izango dute. Lehen txanda uztailaren 1etik 15era luzatuko da eta bigarrena uztailaren 19tik 30era. Txanda baten parte-hartzeak 48 euroko prezioa izango du eta bietan jarduteak 83 eurokoa. Jarduera guztien ordutegia 10.00etatik 13.00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

Pandemia egoera kontuan izanda, Udalak prest ditu jarduera horiek segurtasunez gauzatu ahal izateko protokoloak, baina unean uneko osasun neurri berriek horien funtzionamendua baldin-tzatu edo aldatu dezakete.

Izena emateko Udalaren webgunearen bidez eman beharko da izena: www.alegia.eus. Bihartik hasita maiatzaren 28ra arte eman ahal izango da izena eta informazio gehiagorako kultur etxera deitu edo idatzi daiteke, 943 654 698 zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera.

Plaza mugatuak izango dira eta izen-ematearen hurrenkeraren arabera egokituko dira. Ekainaren erdi aldera, plaza dutenei e-mail bat bidaliko zaie plaza konfirmatuz eta udalekuen informazio orokorra zein ordainketaren inguruko xehetasunak emanez.

Alegiako Udalak uda honetan eskainiko dituen ekintzetarako -udaleku irekiak eta kirol udalekuak- begiraleen bila dabil, eta interesatuek maiatzaren 28a arte izango dute kurrikuluma aurkezteko epea.