- Ingurumena zaintzeko hainbat proiektu ditu Anoeta Udalak elkarlanean Herri Ikastolarekin, eta horien artean, dagoeneko martxan dauden baso-eskolak eta Agenda 2030 dinamika dira.

Azken urteetako ikerketek erakutsi dute naturarekin zuzeneko harremana izateak haren zaintzan eragiten duela. Hortaz, hori izan da Anoetako Udalaren apustua: lurrarekin harreman estua izango duten herritarrak heztea.

Metodologia horretarako beharrezko egokitzapenak egin dituzte, besteak beste, irakaleentzako formakuntza finantzatu eta Ikastolarentzat eskuragarri jarri ditu Udalaren lursailak. Ikastetxearen kanpoan espazio berri bat ere atondu dute: ikasleek eskolak aire librean jasotzeko aukera bultzatuz.

Horrez gain, Udalaren eta Ikastolaren arteko elkarlana indartu dute Agenda 2030 dinamikaren bitartez: ikasturte osoan lanketa egin dute Ikastetxe iraunkorrak, herri iraunkorrean gaiaren bueltan.

Egitasmoaren barruan bihar bilera egingo dute Ikastolako haurrek eta Anoetako alkateak, eta bi zati izango ditu: lehenik ikasleek pleno-aretoan azalduko dituzte ikasturtean egindako hausnarketa eta landutako proposamenak; ondoren, berriz, herriko plazara joango dira sortutako eta antolatutako lana herritarrei azaltzeko asmoarekin.

Herriko merkataritza zein tokiko elikadura indartzeko eta plastikoaren erabilera murrizteko kanpaina abiatuko dute bihar, eta horretarako, erosketa-poltsa jasangarriak banatuko dituzte.