- Hamar puntu igo da gaikako bilketa Anoetan. Martxoan errefusa atez ate biltzera bueltatu ziren, eta guztira hondakinen %72,55 bildu zituzten. "Otsailean hondakinen %62,41 bildu zen gaika edukiontzi sistemarekin, eta martxoan berriz, %72,55era igo da errefusa atez ate jasotzearekin batera", azaldu zuen udalak.

Kopuru horietan ez da sartzen konposta komunitarioetako hondakin organikoa, eta Anoetan biltzen den hondakin organikoaren karakterizazio maila "oso ona" dela adierazi zuen udalak: "Organikoarekin batera biltzen den hondakin desegokia %2 baino ez da".

Bilketa datuek emaitza onak adierazten badituzte ere, Pello Estanga Anoetako alkateak kezka eta haserrea adierazi zuen lurrean eta behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor poltsengatik: "Lurrean uzten dituzten poltsak errespetu falta bat dira bizilagunekiko, are gehiago, arriskutsuak dira osasunarentzat; hori gutxi ez, eta poltsa horiek biltzeak 10.000 euroko kostua du urtean". Bide beretik, gehitu zuen jarrera horrekin herritarrak ere suminduta daudela.

Aurretik zabor poltsak lurrean ez uztearen garrantziaren inguruan herritarrak kontzientziatzeko hainbat saiakera egin eta kanpaina abiatu ohi izan dituztela adierazi zuen Udalak. Besteak beste, kontzientziazio zein informazio kanpainak; baita pedagogia ariketak ere. Hala ere, ez dute jarrera gelditzea lortu.

Hori dela eta, hemendik aurrera zabor poltsak lurrean uzten dituztenei isunak jartzen hasiko direla jakinarazi zuen Udalak. Hain zuzen, isun horiek 90,10 eta 45.000 euro artekoak izango dira Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalen eremuan hondakinak bildu eta tratatzeko ordenantzaren arabera.