- Tolosaldeko Itaiak deituta, elkarretaratzea egin zuten larunbat eguerdian, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, hilak 18an izan zen Zizurkilgo indarkeria matxista kasua salatzeko. Gertakari honen aurrean, Emakume Sozialisten Sareak "babes osoa" adierazi zion biktimari, eta erasoarekiko "gaitzespena" azpimarratu zuen.

Errealitate sozialean, emakume langileon aurkako erasoa "eguneroko ogia" dela adierazi zuen Itaiak, eta "horrela berresten du azken eraso honek, zein egunerokoan albiste diren beste hainbestek", gehitu zuen.

"Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen ideologia matxistak, biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma anitzak pairatzea". Era berean, horrelako jarrerak ezkutatzea edota halako gertaeren aurrean gaitzespenik ez adieraztea erasotzailearen alde lerratzea dela adierazi zuen sareak.

Horren aurrean, indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak garatzea "ezinbesteko" lana dutela azaldu zuten, "emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatuz eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatuz".

Tolosako eta Zizurkilgo Udalek, Emakumeen Taldeek, Tolosako Asanblada Feministak eta herritarrek, Tolosako Triangulo plazan elkartu ziren larunbatean ere gertakaria salatzeko.