- Txukuntze lanak egin dituzte aste honetan Zalberroko Laumugarrietan. Horrez gain, Amasa-Villabonako, Anoetako, Asteasuko eta Zizurkilgo alkateak bildu ziren atzo mugarriaren tradizioari jarraipena emateko.

Hain zuzen, Amasa-Villabona, Anoeta, Asteasu eta Zizurkil herriak batzen dituen puntua da Laumugarrieta, eta Gipuzkoako mugarrien artean zaharrenetarikoa. 1683. urtean jarri zen lehena, baina 1871. urtean puskatuta zegoela ikusi ostean, aldatzea erabaki zuten.

Duela urtebete Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak, Joseba Alonso eta Javier Castro, Aranzadi Kultur Zientzia Elkarteko kideekin batera proiektu bat abiarazi zuten lurperatuta zegoen Zizurkilgo mugarria berreskuratu nahian.

Hori dela eta, txukuntze lanak egin ostean, garai bateko ohiturei berriro eutsi nahi izan zioten atzo egindako ekimenean. Hain zuzen, jabego ikur den teila puska bana jarri zuen herriko alkate bakoitzak Laumugarrietaren ondoan, eta honek bere azalean grabatuta dituen herrietako letrak berridatzi zituzten.