- Tolosako Udalak eta Tolosa&Co elkarteakhirugarren bonu kanpaina jarri dute martxan saltoki txikiak babesteko helburuz. Oraingoan, herriko merkataritza hauspotzea izango du helburu kanpainak. Gauzak horrela, aurten bonu mota bakarra salduko da eta 20 euroko salneurria izango du. Udalak 10 euro gehituko dituenez, erosketa txartelaren balioa 30 eurokoa izango da.

Suspertu Tolosa bonuen aurtengo kanpaina, Tolosako Udalak hiriko ekonomia babesten jarraitzeko hartutako neurrien artean kokatzen da, oraindik ere beharrezkoa baita pandemiaren ondorioei aurre egiteko, bertakoa babesteko neurriak har-tzea eta laguntza eskaintzen jarraitzea. Helburu garbi horrekin, Tolosako Udalak 90.000 euro bideratu ditu kanpaina horretara.

Hortaz, bonu sistema baliatuz, Tolosako saltoki, merkatari eta zerbitzuei babesa emateko asmoz, gutxienez 240.000 euroko eragin ekonomikoa sortzea aurreikusten da.

Gainera, kanpainan parte hartuko duten establezimenduek ez dute amaierara arte itxaron beharko dirulaguntza jasotzeko. Aurten, data aurreratu, eta laguntzaren %90a maiatzean jasoko baitute merkatariek.

izen ematea zabalik

Kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek aurrez izena eman beharko dute. Gaurtik apirilaren 23ra bitartean izango dute horretarako aukera, suspertutolosa.eus webgunean (formularioa beteta) edota 943 697 454 telefonora deituz -10.30etik 13.30era bitartean-.

Horretarako, parte-hartzaileek lau baldintza nagusi bete beharko dituzte: saltokia Tolosan bertan izatea, baimendutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan alta emanda egotea; zerga-betebeharrak eta Gizarte Seguran-tzarekikoak egunean izatea; eta, azkenik, dirulaguntzak lortzeko debeku-kausetakoren batean ez egotea. Gainerako baldintzak ikusgai daude suspertutolosa.eus webgunean.